
Azken eguneratzea: 2008/11/04
Azaroaren 4an, Euskal Herriko Unibertsitateak Arboretuma inauguratu du. Ekitaldian parte hartu dute Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok eta UPV/EHUko errektore Juan Ignacio Pérezek, eta bertan izan dira, halaber, Leioa eta Erandioko alkateak, Eneko Arruebarrena eta Mikel Arieta-Araunabeña.
Arboretuma Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuko campusaren hego hego-ekialdeko hegian dago, eta UPV/EHUren aspaldiko amets bat betetzera dator, alegia, hezkuntzarako nahiz aisialdirako izango den parke botaniko bat egitea. Gainera, Arboretumak lotura egingo du unibertsitatearen eta Leioa eta Erandio udalerri mugakideen artean. Izan ere, unibertsitateko kideentzat ez ezik, herritar guztientzat ere egongo da zabalik. Horregatik, zuhaitzez ikasteko balio izateaz gain, ahalegina egin da parkeak aisialdirako eta paisaiaz gozatzeko ere aukera eman diezaien bertatik ibili nahi duten pertsona guztiei. Arboretumera datozen bisitariek Leioa eta Erandio udalerrien ikuspegi zabalaz gozatu ahal izango dute, haien muino eta basoekin, eta Lertutxeko urtegia ere ikusiko dute bertatik.
Land Art Studio 2002 izeneko arkitektura-estudioak diseinatu zuen Arboretuma. Enpresa horrek irabazi zuen 2007ko otsailean UPV/EHUk ateratako proiektu-lehiaketa. Parkeak 19 hektarea ditu, eta 3 kilometroko bide-sare batek lotzen ditu haren alderdi desberdinak. Hasieran oso landaredi interesgarria ageri zuen gune batzuetan, eta hori errespetatu egin da, han-hemen zertxobait garbituta. Horri landaretza berria gehitu zaio. Gauzak horrela, Arboretumean zenbait gune berezitu dira, bertan dauden landare-espezie ugariak antolatu nahian. Hona hemen guneok:
- Berezko arboretuma, Bizitzaren Basoaren hegian dagoena (Bizitzaren Basoa da zientziari euren gorputza eman ziotenen omenezko monumentua). Arboretum honetan Euskal Herriko basoetako habitat naturalak aurkezten dira: pagadiak, urkidiak, artadiak, hariztiak…
- Arboretum emankorra, Leioara doan errepidearen ondoan. Bertan industria edo elikadurarako erabiltzen diren landare-espeziak biltzen dira.
- Asia eta ekialdeko arboretuma, Medikuntza eta Odontologia Fakultatearen behealdeko hegian. Bertan biltzen dira Euskal Herriko klimaren antzekoa duten munduko beste toki batzuetako espezieak.
Bestalde, Arboretumean erakusketa eta hezkuntza-helburuetarako zenbait elementu txertatu dira:
- Erakusgunea, Arte Ederretako ikasleen artelanak ikusgai jartzeko eta ikastaro nahiz hitzaldiak emateko.
- Anfiteatroa, lurraren berezko sakonune batean eraikia.
- Heliosziametroaren plaza. Hor ipiniko da orain dela urte batzuk campuseko beste leku batean zegoen eguzkia aztertzeko tresna.
Arboretuma egiteko lanak 2008an hasi ziren. Aurrekontua 2 milioi eurokoa da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuko du.
Arboretumaren datuak
-Azalera: 19 hektarea
-Bideen luzera: lurrezko bideak: 2.245 metro; afaltozko bideak: 45 m
-Auditorioko toki kopurua: 600 jesarrita + 600 zutunik alboetan eta goialdean
-Erakusgunearen azalera eta osagaiak:
Sotoa: 180 m2
Estalkia, bertan ibiltzeko modukoa: 300 m2
1. solairuaren inguruko ibiltokia: 270 m2
-Heliosziametroa: zolarri biribila, 13,5 m-ko erradioduna (530 m2)
-Landatutako zuhaitzen kopurua eta motak:
1.700 zuhaitz baino gehiago, 130 espeziekoak
6.000 zuhaixka baino gehiago
Belartza: 5.000 m2
Ur gutxi behar duten belar motak: 24.000 m2
Eremuak
Bertoko zuhaitzen arboretuma
Ekialde urruneko arboretuma
Hego hemisferioko arboretuma
Egurretarako eta elikadurarako zuhaitzen arboretuma
Azalea eta errododendroak
Arrosadiak
Arboretumaren beste ezaugarri batzuk:
-Parkea irisgarria da ia leku guztietan
-Euskal Herrikoak bakarrik diren zuhaitzen bilduma dauka
Proiektua egin duen taldea:
-Boriana Christova Dontcheva (nekazaritzako ingeniari teknikoa eta paisajista)
-Miguel Rodríguez Rivas (nekazaritzako ingeniari teknikoa, ingurugiro-teknikaria)
-Peter Nicolov Dontchev (paisajista)
-Oscar Rubén Torres López (arkitektoa)
UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOA (94-6012065 / prentsa@ehu.es