UPV/EHUren hasierako orria zabalduko da

Komunikazio Bulegoa
Saltillok, UPV/EHUko eskola-ontziak, ohiko udako ibilaldia hasiko du euskal kostaldetik

Nahi duten guztiek belaontzia bisitatu ahal izango dute Lekeitio, Hondarribia eta Getariako portuetan

Asteartean, uztailak 31, goizeko 8:00etan, Santurtziko kirol portutik, Saltillo UPV/EHUko eskola-ontzia irtengo da eta euskal kostaldeko portuetan zehar udan egin ohi duen ibilaldia hasiko du. Antzinako belaontzian Mikel Lejarza kapitaina eta Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko 14 ikasle joango dira. Ikasleek nabigazio praktikak egin eta gizarteari bela mundua hurbiltzea dira itsas ibilaldiaren helburuak. Bigarren helburu hori betetzeko, ontziaren ateak irekita egongo dira Lekeitio, Hondarribia eta Getariako portuetan.

Ibilaldiaren egutegi osoa hauxe da:

Uztailak 31   Santurtzi - Lekeitio
Abuztuak 1   Ate irekiak Lekeition
Abuztuak 2   Lekeitio - Donostia
Abuztuak 3   Donostia
Abuztuak 4   Donostia - Hondarribia
Abuztuak 5   Ate irekiak Hondarribian
Abuztuak 6  Hondarribia - Getaria
Abuztuak 7  Ate irekiak Getarian
Abuztuak 8  Getaria - Santurtzi

Era berean, Saltillo belaontzia Hondarribiko Marinel Azokan, abuztuaren 24tik 26ra, eta La Rochelleko Saloi Nautikoan, irailaren 19tik 26ra, ere egongo da.

Saltilloren historia

Saltillo 1932an eraiki eta bi urte beranduago erosi zuen Pedro Galindez enpresari bizkaitarrak. 1946tik 1963ra arte Galindezek errege-familiari utzi zion belaontzia, erabil zezan. 1968an Galindezek Nautika eta Itsasontzi-makineria Eskolari itsasontziaren emaitza egin zion. Zaharberritu ondoren berriro itsasoratu zen 1998an eta gaur egun UPV/EHUko ontzi-eskola bezala erabiltzen da.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa


Hasierako eguna 2012/07/31

Amaiera eguna 2012/08/08


Azken eguneratzea: 2012/07/30